Logotipo Olentzero

Ixila eta pentsakorra
potolo eta gainera nola!
Gabonero beti ondoan
hara hemen Olentzero hona!

Cookie-ei esker eskaintzen ditugu gure zerbitzuak. Gure zerbitzuak erabiliz gero, cookie-ei ematen diegun erabilera onartzen duzu. Hemen kontsulta dezakezu gure cookieak politika. OK

Orokorrak

olentzero Ortzadar (#988)

Olentzero, zahar eta berri

Olentzero han eta hemen. Urtero gure artera dator, herri zein hiri. Haren aitzakiaz biltzen da familia ugari urteak akabuko egunak dituen horietan. Ohiko hitzordu bihurtu den honek sakoneko esanahi asko ditu; jatorriz sarbide-erritu gisa ulertua zenak gaur funtzio jakin batzuk ditu.

Olentzero, pertsonaia baino gehiago da. Umetasunaren, haurtzaroaren nostalgia eta malenkonia da. Rainer Maria Rilke poetak esan zuen behin: “gizakiaren egiazko aberria haurtzaroa da.” Eta ez zebilen oker.

Nola ulertzen ditugu urte bukaerako egun hauek umeek eta helduek? Azaleko itxuraren azpian bada beste irakurketa osoago bat.

Egungo kultura komertziala kontuan hartuta, logikoa deritzot, batetik, ospakizunei dagokiela bertakoari eustea, kanpokoari baino. Santa Claus urruti da guretzat, eta interes komertzial gordinez berrinterpretatutako gizon ilezuria are urrunago (eta ez espazialki hain zuzen). Jakin badakigu gurean oraino ere euskal ohituraren jarraitzaile izan nahi ez dutenak ugari direla. Tamalez, ikazkina eta bere ingurunea gizartean hartzen ari den tokia justifikatzen ibili behar izan dugu inoiz. Baina... Belenera begiratzea baino gauza zaharkituagorik?

Gizarteak bere burua berresteko tokiak bilatzen ditu etengabe, gizarteratzea nahitaezkoa zaio gizakiari, talde baten barruan identifikatzen lagunduko dioten txokoak, momentuak, moduak behar ditu. Hori hala gertatzen da, adibidez, bi kultura (edo gehiago) elkarrekin edo elkarren ondoan bizi baldin badira. Lurralde berean bi kultura izanik, seguruena da batak besteak baino indar eta ospe edo prestigio handiagoa izatea, eta gurera lotuz, etxean arrotz sentitzea askok ezaguna du aski. Iruñea bezalako hiri batean tradizio hauek berebiziko garrantzia dute, eguneroko identitate talka dagoenean, herri ekimenetik (eta ez sinesmen edo diru-interesetik) sortuak diren jarduerak goresgarriak dira.

Denboraren joanarekin tradizioak berrinterpretatzen dira, zentzuak aldatzen dira askotan, moduak berritzen. Agian ez dute (ez honek, ez bestek ere) berezkoa luketen esanahia, gauzatzea, baina kultura biziak hori du lege. Zentzua, gauzei, gizatalde batek ematen die, eta norberak bere modura bizitzen ditu honelako errituak. Beraz, molde horien barnean, aldaerak milaka.

Egungo gizartea ez da hain landatarra, bizimoldeak asko aldatzen ari dira (azken

hamarkadetan inoiz baino azkarrago, esan genezake), eta horrekin batera gure ikuskerak, gure baloreak, gure erlatibizazioak garapen handia jasaten ari dira. Beste mota bateko gizarteak, beste nolabaiteko jarduerak, ohiturak, sinesmenak eta pentsamoldeak ekarriko ditu ezinbestean. Beste gizarte forma baten eszenografia eta karakterizazioak bizi ditugu gaur egun, bestelako beharrak ditugu.

Gaurkoa sustrai gutxiko gizartea da joandako garaiekin alderatuta, eta honelako hitzorduak garrantzitsuak dira (jabetu ala ez) gizarte kohesioa lortzeko. Olentzeroren etorrera ospatzea nortasunaren berrindartze ekintza da baita ere.

Komunitate edo gizatalde bat ez da abstraktuan ulertzen ahal, memoria historikora jotzen baitugu, inportanteak zaizkigun erreferenteak barneratzen baititugu. Kultur erreferenterik baldin bada, jendeak hartan parte hartzera joko du. Bide barreiatuan, taldean biltzeko joera dugu.

Gauzak honela, Iruñean urte andana da Olentzero kalera ateratzen dela. San Antonioko Olentzeroarena izan zen hastapeneko saioa (1957), bilkura sendoa, indartsua ailegatu da gurera. Asko aldatu da Olentzeroren testuingurua. Garaian garaikoa izan du. Berez elizarengandik urrun badu ere bere jatorria, hari lotuta ezagutu dugu toki askotan, Eguberri kristauan txertatua, elizaren hitzorduekin uztartua.

Ortzadar Euskal Folklore Elkartea urtero ateratzen da bere Olentzerorekin. San Antonio-Gaztediko usaian parte hartua urte batzuez, egun, Joxe Ulibarrenak sortutako egurrezko ikazkin artistiko baina maitatuarekin korritzen ditu Iruñeko alde zaharreko kaleak. Ospakizun xumea egiten du, familiarra ia-ia. Kantua, musika eta lagunen beroa. Gaztainak eta sagardoa. Urtearen amaiera datorrela gogoan, urteak emanikoak oroimenean, ekitaldi intimo baina parte-hartzailea egiten du.

Egun horretan Olentzerozaleen Elkarteak, baita eta beste hainbat elkartek ere, euren ospakizuna kaleratzen dute. Kalejira handiak, jendetsuak... koloretsuak, edo xumeak, alaiak edo nostalgikoagoak... tradizioak forma asko hartzen ditu, eta formak hartzen dituen bitartean, seinale ona da.

Kaleen neguko hotzaren babes zirraragarria, jende talde polita kantari, hiritar harrituak begira, urteko hitzordu kuttunena duten lehengusuen bilera, lagunen besarkada, adiskideen zoriona...

“... Ixo, ixo... ez duzue aditu? Zerbait sumatu dut ondoko gelan... goazen ikustera...- Sukaldeko beroa utzi eta bi anai-arrebak amaren eskutik abiatu ginen emozio betez egongelara. Luzea, amaigabea egin zitzaigun bide labur hura. Ilunpetan, isil, dar-dar ezkutu batek hartu zuen gure zintzurrondoa. Amatxi eta aitatxi sukaldean ziren esperoan, haiek ez zuten jakin-minik? Nor ote baserrian sartu zena, zertan ariko ote zen...? Egongelan hotz handia zen. Amaren babesa hil ala bizikoa genuen une hartan. Bat-batean, leihora begiratu zuen amak, zabalik zen, haizeak gortina zuri eta finak astintzen zituen bortizki eta kanpoaldera ateratzen. Leiho-hegira hurbildu zen orduan, baserriaren ondoko malda begira gelditu zen istant batez, eta: -Hara non den Olentzero!... Han urrutian... badoa...!Egia izaki! Hura ikara eta ezinegona! Gure etxean izana zen! Eta gu berandu ailegatu. Nola joanen zen hurrengo baserrira? Argi izpirik ez zen inon gau gordin hartan eta bakarrik zegoen! Ilargia hodeiek estaltzen zuten eta hotzari aurre egiteko arropa beroa beharko zuen. Gizajoa! Gau luze eta neketsua espero zuen gizon on hark. Hasierako beldurrak poliki-poliki ihes egin zigun umeoi, eta hantxe gelditu ginen leihotik begira, hotzari kasurik ez harrezkero; miresgarritasun hark bete-betean hartu gintuen gu, haurrok.”

Por Ana Telletxea

Ortzadar

osteguna, 2009(e)ko abenduaren 17a

Orokorrak kategorian

 
Hosting por dinahosting

 

Olentzerozaleen Elkartearen web gune ofiziala
olentzero.net@gmail.com
2006ko, 2007ko bertsio ikustea · RSS · intranet
Logo Udalbilde-Udalbiltza
Babeslea Udalbiltza Udalbide
Olentzeroren Lagunak Elkarteak Udalbiderekin hitzarmenak sinatu ditu 2005, 2006, 2007, 2008 eta 2011an.
Esker Kepa Gallego · Design Lekunberri.com
© 2007-2019.