Logotipo Olentzero

Ixila eta pentsakorra
potolo eta gainera nola!
Gabonero beti ondoan
hara hemen Olentzero hona!

Cookie-ei esker eskaintzen ditugu gure zerbitzuak. Gure zerbitzuak erabiliz gero, cookie-ei ematen diegun erabilera onartzen duzu. Hemen kontsulta dezakezu gure cookieak politika. OK

Elkarrizketak

Kristina Saralegi (Leitza) (#31). 2007/12/20

Kristina Saralegiri elkarrizketa

Kristina Saralegi leitzarra ez da azken bi kasu hauetakoa. Izan ere, abeltzain gazte honek Iruñearako bidea hartzen du bere animaliekin Olentzerok urtero hirian zehar egiten duen ibilbidean parte hartzeko.

Kristina Saralegi leitzarra ez da azken bi kasu hauetakoa. Izan ere, abeltzain gazte honek Iruñearako bidea hartzen du bere animaliekin Olentzerok urtero hirian zehar egiten duen ibilbidean parte hartzeko. Neka-neka egina, 21.00ak aldean ailegatzen da Leitzara eta gogo gutxi gelditzen zaio ospakizunetarako.

Nola bizitzen duzu gabon gaua?

Niretzat lan egun bat gehiago da eta dena amaitu arte ez dut deskantsurik hartzen. Nire buruari ez diot akats bat ere barkatzen eta dena bikain ateratzen ez bada, ez naiz gustura gelditzen.

Nola antolatzen zarete egun handi horretan?

Nire anaia Mieltxo Donostiako Olentzerorengana joaten da 50en bat ardi kamioi batean sartuta. Nire beste anaia Gabriel eta ni, aldiz, Iruñeara joaten gara eta gure bi lagunek Barañain eta Burlatako desfileetan hartzen dute parte. Ikaragarrizko eromena izaten da.

Zenbat urte daramatzazue Iruñeako desfileko animaliaz arduratzen?

Gure aita zenak hartu zuen ohitura bat da, baina ez dakit ziur zein urtetan hasi zen. 30 urte baino gehiago direla bai, baina zenbat diren ez. Aita hil zenean nik hartu nion erreleboa 21 urte bakarrik nituela eta gaur arte.

Zenbat denbora behar izaten duzue dena antolatzeko?

Santu Guzien eguna pasa ondoren hasten gara jendearekin hitz egiten eta materiala prestatzen. Izan ere, izugarrizko antolaketa egin behar da: animalien tresneria aurkitu, garbitu eta prestatu, guri laguntzeko prest dagoen jendearekin harremanetan jarri, animaliak aukeratu eta garbitu...

Zenbat animalia buru mugitzen dituzue Iruñera?

50 ardi, 20 ahuntz, 26 antzara, 30 oilo, 6 behi, 12 behor, 10 asto, 6 txerri, 2 idi pare eta 6 basurde. Horretaz gain, Joxe Deunaren txakurra ere eramaten dugu.

Nola garraiatzen dituzue denak?

13.30etarako Leitzatik ateratzen gara 5 kamioi, bi todoterreno eta 3 furgonetatan eta desfilea 18.00etan hasten den arren, Iruñean animaliak prestatzen ordu mordoa igarotzen dugu.

Familiako senideez gain, beste pertsona askoren laguntza beharko duzue, noski.

Bai, bestela ezinezkoa litzateke. Anai-arreba eta ilobez gain herriko hainbat lagunek laguntzen gaituzte. Gehienak, gainera, baserritarrak izaten dira eta ederki moldatzen dira animaliekin.

Nola bizitzen duzu zuk desfilea?

Oso urduri. Antolakuntzaz arduratzen naiz, ni ez naiz animaliekin joaten. Aurretik atzera ibiltzen naiz dena ongi doala ikusten eta arazoren bat sortzen bada, hara joaten naiz. Telefonoa gainean eramaten dut, baina urduritasuna eta musikaren ondorioz, gutxitan entzuten dut, beraz presaka ibiltzen naiz alde batetik bestera.

Noiz ailegatzen zarete Leitzara?

Dena ongi joanez gero, 21.00etarako Leitzaran izan ohi gara, baina orduan, animaliak bildu eta dena txukundu behar izaten da.23.00ak arte ez dugu amaitzen.

Ez al duzue, orduan, familia arteko afari berezirik egiten?

Bai, egiten dugu, baina ez da gainerako etxeetan bezalakoa izaten. Ni animaliak txukuntzen nabilen bitartean, nire ahizpa arduratzen da afariaz eta 23.00etan hasten gara jaten. Niretzako orduan ailegatzen da lasaitasuna. Bakarrik banengo ohera sartuko nintzateke segidan, afaldu gabe.

Hala ere, Olentzero gaueko desfileaz gain, beste hainbat ekitaldietan hartzen duzu parte zure animaliekin.

Bao. Lehenbizikoa Donostiako Santo Tomasak izaten dira. Azken lau urtetan zerria eraman dugu eta taloak egitera ere joaten gara. Ondoren, Olentzero gaueko Donostia, Iruñea, Burlata eta Barañaingo desfileak daude. Errege bezperan Donostiako kabalgatan ere izaten gara eta San Sebastian Eguneko tanborradan ere bai.

Hau guztiarekin esan daiteke, beraz, ez zarela ohiko baserritarra. Ez al da ala?

Ez naiz, ez. Etxean 100 ardi, 25 ahuntza, 26 antzara, 40 oilo, 15 behi, 16 behor, 10 asto, 27 txerri, 6 basurde, 6 idi eta lau txakur ditugu eta nik zaintzen ditut denak. Gainera, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat herritara joaten gara taloak saltzera eta lehen esandako desfile guztietan hartzen dugu parte. Eromena da batzuetan, baina hau da niri gustatzen zaidan bizimodua eta ez nuke beste ezerengatik aldatuko.

asteartea, 2008(e)ko otsailaren 12a

Elkarrizketak kategorian

 
Hosting por dinahosting

 

Olentzerozaleen Elkartearen web gune ofiziala
olentzero.net@gmail.com
2006ko, 2007ko bertsio ikustea · RSS · intranet
Logo Udalbilde-Udalbiltza
Babeslea Udalbiltza Udalbide
Olentzeroren Lagunak Elkarteak Udalbiderekin hitzarmenak sinatu ditu 2005, 2006, 2007, 2008 eta 2011an.
Esker Kepa Gallego · Design Lekunberri.com
© 2007-2017.