Logotipo Olentzero

Ixila eta pentsakorra
potolo eta gainera nola!
Gabonero beti ondoan
hara hemen Olentzero hona!

Cookie-ei esker eskaintzen ditugu gure zerbitzuak. Gure zerbitzuak erabiliz gero, cookie-ei ematen diegun erabilera onartzen duzu. Hemen kontsulta dezakezu gure cookieak politika. OK

Orokorrak

Olentzeroren alde egin genuenekoa

Eskolako ohiko idazlana egin beharko banu bezala sentitu naiz. ‘Nire oporrak’,

‘Gabonak’ eta horrelako izenburu orokorra zuten horietako bat. Idazkiaren beraren gaiak umetuko ninduen, akaso. Eta haurtzaroan sartu naiz bete-betean. Askotan harrapatzen dut nire burua ariketa hau egiten. Izan ere nazkagarri zoriontsu izan bainintzen umetan. Lagunek esaten didate antzematen zaidala, eta noiz-noizka entzun behar izan dut haietako baten diagnosia: ‘Peter Panen sindromeak jota zaude, ume!’. Eta arrazoi puskarik izanen dute, ziurrena.

Guraso modernoak tokatu zitzaizkidan, askori bezala. Hezkuntza aurrerakoia zuten buruan, haiek ezagututako garai gris eta ilun haietatik ahalik eta urrunen mantendu nahi gintuzten; gizartearen konbentzionalismo eta kontsumoaren feriatik kanpo bizi nahi zituzten gabonak. Opariak eginen zizkioten elkarri, baina tartean pertsonaia mitikoren beharrik gabe. Elkar maite zutela ospatzeko, horren adierazle baino ez. Eta opariak praktikoak izan behar ziren, benetan beharrezko zirenak: galtzerdi pare bat, bufanda eta eskularruak, eleberri bat, iratzargailua… Behin Kixki, Mixki eta Kaxkamelonen zinta izan nuen opari. Oraindik badut, baina ez dut non jarri…

Eta krisia deklaratu zen, ez nintzelakoz batere ados. Ume mokoa izan arren, edo agian horregatik, Olentzeroren alde egin nuen. Eta lagun denek espero zuten oparien alde ere bai, jakina. “Hara, ikastolan egunak eta egunak eman ditugu horra-horraka, abestiak ikasten; gela paperezko kate koloretsuekin dotoretu dugu; Andereño Asunek – autoritate handia bizitzaren alor guztietan – esan digu zintzo portatuz gero ez dugula ikatzik jasoko… Nolatan ez du, bada, Olentzerok jostailurik ekarriko gurera? Andereño Asunek baino gehiago dakizue zuek ala?”.

Ez dut uste hala izan zenik. Oroitzapenak nahasten ditut, eta txukundu, eta idealizatu. Kontua da gurasoek amore eman zutela. Eta aita korrika abiatu zen kalera, gaueko auskalo zein ordutan, umearen opari bila. Botikak goardian izaten diren bezala, gau horretan berandu arte izaten dira jostailu-dendak. Aitak Lange Etxea, Estafeta Kalekoa, topatu zuen zabalik. Kiliki buru bat ekarri zuen bueltan. Torero bat zen. Amak begi okerrez begiratu zion:

- …torero bat?

- Bai, emakumea, ez zegoen besterik eta…

Toreroa izugarria iruditu zitzaidan, zentzu guztietan; hasieran izua, kilikiek eragiten duten terrorea, eta segidan miresmena… Burua hutsik zegoen! Ados. Kilikiei beldurra betirako kenduz, kilikiak ez duela ikara eragiten, baizik eta barruan sartzen zen pertsona dela beldurgarri ondorioztatu nuen. Eta etxekoei esperientzia gustatu zitzaien, antza.

Honenbestez, geroztik, ohiko gabonak izan genituen etxean, bere konbentzio eta guzti. Sukaldeko mahai borobilaren inguruan lau katu – literalki –, amatxo, aitatxo, amatxi eta laurok. Eta denak umearen ilusioaren arabera dantzan. Memoria hutsal honek kronologikoki sailkatzen dizkit gabonak, alegia, jasotako opariaren araberakoa: toreroa, suhiltzaileen kamioi gorria, indio eta bakeroak – orden honetan, etxean onak beti indioak –, txotxongiloak…

Urte batean, ez dakit zehazki noiz, adinarekin batera handitzen doan eszeptizismoak bultzatuta, egoerak buelta eman zuen. Neu nintzen mesfidati azaldu zena, errekreo orduan gelako norbaitek lehen zalantzak konpartitu zituen gainerakoekin. ‘Ezinezkoa zela gau bakarrean halako lana egin ahal izatea, beraz, ez zela egia, trikimailua baizik, eta gurasoak tartean zebiltzala konplikatuta…’. Eta krisia deklaratu zen. Aurreko urtetako ilusioaz kutsatuta zeudenak aldiz, gurasoak.

Gabon hartan Olentzerok berak jo zuen etxeko tinbrea. Eta elkarri begiratu zioten gurasoek, ‘hara, zein izanen da, baina?’, amatxik ji-ji-ji. Eta korrika batean joan nintzen atea irekitzera. Hantxe ziren opari denak. Gogoan dut haien guztien gainetik egin nuela jauzi eta atariraino jaitsi, etxeko zapatilak oinetan, eta ataria ireki, eta han urrunean Olentzero ikusi nuen, ikusi nahi izan nuen. Eta akabo zalantza denak. Gerora jakin nuen gurasoek auzokoarekin adostu zutela, afalostean, ordu jakin batean, tinbrea joko zigula, opari denak eskaileran jarri ondoren.

Irudimenean Olentzero kontzeptuari erantsita doakion irudia, Iruñeko Olentzerorena dut. Huraxe da tinbre jo zuena, gizon eta kilikiaren artean dagoen hori, entendimentuz jantzia dena. Etxean El olentzero deitzen duguna, artikuluaz, beste guztiak Olentzero ez balira bezala.

Martxelo Sotés Elizagarai

igandea, 2014(e)ko otsailaren 16a

Orokorrak kategorian

 
Hosting por dinahosting

 

Olentzerozaleen Elkartearen web gune ofiziala
olentzero.net@gmail.com
2006ko, 2007ko bertsio ikustea · RSS · intranet
Logo Udalbilde-Udalbiltza
Babeslea Udalbiltza Udalbide
Olentzeroren Lagunak Elkarteak Udalbiderekin hitzarmenak sinatu ditu 2005, 2006, 2007, 2008 eta 2011an.
Esker Kepa Gallego · Design Lekunberri.com
© 2007-2019.