Logotipo Olentzero

Ixila eta pentsakorra
potolo eta gainera nola!
Gabonero beti ondoan
hara hemen Olentzero hona!

Cookie-ei esker eskaintzen ditugu gure zerbitzuak. Gure zerbitzuak erabiliz gero, cookie-ei ematen diegun erabilera onartzen duzu. Hemen kontsulta dezakezu gure cookieak politika. OK

Orokorrak

Olentzero de Hendaia (#2346). 2012/11/13

Olentzero Iparraldean

Olentzeroren ohitura Iparraldean arras berria da.

Aipatzen da Sarako herrian, hogeigarren mende hastapenean, eguberri gauean ikazkina ohoratzen zela, bainan gehiagokorik ez. Jakinez Lesaka, Olentzeroren herri nagusia, loturik egon zela Baionako apezpikutegiari erdi aroraino, pentsatzekoa da Olentzeroren figurak leku zerbait ukan zuela Lapurdin eta beharbada Iparralde guzian, bainan informazio eta ikerketarik ez dago gai horren inguruan, orduan hemen, hunen bersortzea dugu aipatuko, bersortze bat lotua dena Ikastolen sortzeari.

Olentzero, lehen andereñoaren lagun

1967an, Lazkaoko Libe Goñi deitua izan zen Baionarat, iparraldeko lehen Ikastolako klaseaz arduratzeko. Ondotik Ikastola Arrangoitzen plantatu zen eta lehen Eguberrian berean, Olentzero agertu zen Arrangoitzeko plazan eta ondoko urteetan inguruko auzoetan. Hori izan da Olentzeroren garai berrietako lehen agerraldia.

Ondotik Ikastolak sortu arau, Olentzerok bide egin du klasez klase, Eguberriko oporrak urbiltzen zirenean euskal haurren loriatzeko eta ordezkatzeko Bizar Xurik denetan hartua zuen lekua. Bizar Xuriz ari bagira, hau ere ez da aspaldian jabetu orai ezagutzen diogun tokiaz. 60garren hamarkadan telebistarekin eta komertsioaren indarrarekin da bilakatu haurren oparien ornitzailea. Hori baino lehen Jesus haurra zen papel horren jabe, Jesus Haur umil bat, oparien umiltasunaren heinekoa, Bizar Xuri aldiz bilakatu delarik oparotasunaren eta ere gehiegikeriaren ikurra.

Olentzeroren ganat itzul gaiten. Ikastolen mogimendua poliki hazten zen hein berean barreatu da Iparraledean Ikazkinaren ezagutza, beste bide lagun batzu ere izan dituelarik, dantza eta kantu taldeak. Lehenetarik bat Hendaiako Akelarre euskal kultur taldea izan zen, abenduaren 24ean Errepublika plazarat hunen panpina kantuz eta dantzaz ohoratzeko atera zuena, duela 36 urte, Donibane Lohitzuneko Begiraleak taldeak ere lekukoa hartzen zuela laster. Baionan 1974ean izan zen lehen Olentzeroan Adixkideak Angeluko koroak ohoratu zuen ikazkina, Errobi Kantak zonbait urte berantago asto baten gainean ibil aratzen zuela karriketan kantuz Eguberri inguruko larunbat batean.

Klaseetarik karrikarat.

Orain Lapurdiko herri eta hiri guziek, Aturri bazterrekoetako batzuetan barne (hau da gune deseskaldunduena), Ikastoletako eta beste eskoletako klaseetarik karrikarat ateratzen dute Olentzero, gehienetan Eguberri aintzineko aste buruan, orduan bukatzen delako eskola. Maiz gizon batek du eremaiten Olentzeroren papela asto bat lagun. Ikatza badu, bainan batez ere goxokiak banatzen ditu, eta batzutan biak, Baionan bezala, gogoratzeko biziak bi alde izan dezazkela. Baxe Nafarroan hiri zentroetan agertzen da eta Xiberuan Maulen noiz behinka.

Eguberri garaian egunkari, irrati eta telebixtan noiz nahi irudi eta aho mihitan da. Adibidez Euskal Irratiek urteetan oren bat emaiten diote, haurrek beren opari eskakizunak egiteko, eta oren hori laburregia da askotan. Bainan saltokietan, leku publikoetan eta etxeetan ere, gutitan agertzen da, Bizar Xuriren hegemoniari ez dio urbiletik ere gaina hartua. Saltokien erreferentziak beste Frantziako edozein tokietakoak bezalakoak dira, jakinez gainerat asko, denetan ikusten diren marka batzuen ateak direla.

40 urtez, hutsetik karrikarat atera da Olentzero eta adixkideak eta jarraitzaileak baizik ez ditu, Ikastolek eta orai euskal klase publiko eta pribatuek egiten duten indarrari esker, kultur taldek lauzkatu dutena hastapenetik. Bainan erronka nagusi bat badu aintzinean, gizartearen bereganatzea eta batez ere Eguberri garaian, jenden usadioen eragile diren komersio eta erakunde pubikoen bereganatzea. Bainan nork bazter utz lezake luzaz, haurren laguna den horrelako gizon zikin, gaizki ikasi eta traketsa ?

asteartea, 2012(e)ko azaroaren 13a

Orokorrak kategorian

 
Hosting por dinahosting

 

Olentzerozaleen Elkartearen web gune ofiziala
olentzero.net@gmail.com
2006ko, 2007ko bertsio ikustea · RSS · intranet
Logo Udalbilde-Udalbiltza
Babeslea Udalbiltza Udalbide
Olentzeroren Lagunak Elkarteak Udalbiderekin hitzarmenak sinatu ditu 2005, 2006, 2007, 2008 eta 2011an.
Esker Kepa Gallego · Design Lekunberri.com
© 2007-2017.