Logotipo Olentzero

Ixila eta pentsakorra
potolo eta gainera nola!
Gabonero beti ondoan
hara hemen Olentzero hona!

Cookie-ei esker eskaintzen ditugu gure zerbitzuak. Gure zerbitzuak erabiliz gero, cookie-ei ematen diegun erabilera onartzen duzu. Hemen kontsulta dezakezu gure cookieak politika. OK

Orokorrak

Olentzero Baiona (#33). 2007/12/22. Argazkia: Xabier Martinez Alava.

Olentzeroren bertsio anitzak

Izenetik eta izaeratik hasita askotxo dira Olentzeroren inguruan aurkitzen ditugun aldagaiak. Lehen aipamen idatzia XVIgarren mendekoa da. Lope de Isasik Eguberritako ospakizunez eta neguko solstizioez hitz egiten du, garai honi "Onentzaro" izena emanez.

Beraz, garai hartan, ez zen pertsonaia, aro baten izena baizik.

Neguko solstizioarekin eta suarekin lotutako Olentzero izaki hori, denborarekin, pertsonaia bihurtu zen.Urte luzetan ohitura izan da etxez etxe puxkak biltzen ibiltzea. Hori izan da, gaur egun arte, herrietan besta egiteko modua: gazteek merendu on bat egin ahal izateko atez ate zerbait eskatzen zuten kantu eta dantzen trukean. Halakoetan arrunta izaten zen lastoz eta trapuez betetako panpinik eramatea edota norbait mozorratuta joatea eta honek, seguru asko, lagunduko zuen pertsonaiaren sorreran.

Batzuentzat artzaia besteentzat ikazkina, morroi tripa haundia, txapela buruan eta soin gainean zakua daramana, era askotara agertu izan da. Toki batzuetan Olentzeroren panpina tximinian lotzen zen. Beste toki zenbaitetan ardozale lodikotea erre egiten zuten, Miel Otxin bezala. Leitzan eta Arakilen balkoi eta leihoetan zintzilikatzen zuten babesle gisa. Bidasoa aldean haurrek eraman ohi zuten aulki batean eserita, puska bilketan. Larraunen itxura beldurgarria zuen eta igitaia eskuan zuela, sutondoaren aldamenean zintzilikatzen zuten oilar-meza bukatu arte. Lesakan koadrilen arteko lehiaketa antolatzen da aspaldidanik. Herri honetatik, hain zuzen, Olentzero pertsonaiaren lehen aipamen idatziak datoz eta, horregatik, jende askok haren sorlekutzat hartzen dute.

Izaera

Herri anitzetan ez zen, ezta gutxiagorik ere, gaur egun ezagutzen dugun pertsonaia atsegin eta xaloa, baizik ere Eguberri aurreko haragi-uztea betetzen ez zutenenentzako zigor emale kupidagabea. Bere igitaiaz lepoa mozten omen zien bekatariei, eta gauza bera egiten ei zuen lotara joan nahi ez zuten umeekin.

Kantuetan ere, bertsio anitz aurki dezakegu.

Olentzero kantu ezagunenak horrela dio:

"Olentzero joan zaigu

mendira lanera

intentzioarekin ikatz egitera

Aditu duanian, Jesus jaio dela

laisterka etorri da, berri ematera.

Horra, horra, gure Olentzero

pipa hortzetan duela eserita dago

kapoiak ere baitu arrautzatxuakin

bihar merendatzeko

botila arduakin.

Olentzero guria ezin dugu ase

bakarrik jan dizkigu

hamar txerri gazte

saiheski ta solomo

makina bat heste

Jesus jaio da eta

kontsola zaitezte

Horra, horra, gure Olentzero

pipa hortzetan duela eserita dago

kapoiak ere baitu arrautzatxuakin

bihar merendatzeko

botila arduakin.

Olentzero, buru haundia,

entendimentuz gabia.

Bart arratsean, edan omen du

bost arruako zahagia.

Ai, urde tripe haundia!

Tralaralala, tralaralala, ...

Olentzero begi gorri,

Non harrapatu duk arrai hori?

Zorioneko erreketan

Bart arratseko

Hamaiketan ".

Halere, beste bertsio batzuetan "botila arduakin" beharrean sagardoa aipatzen da eta ikazkinaren adimenari buruzko aipamenak ere aldatzen dira:

"Olentzero buru handia

Entendimentuz jantzia

Bart arratsean

Edan omen du

Hamar arruko zahagia!

Ai urde tripa handia!

Ai urde tripa handia!"

Eta aldatzen da ere bai irentsi duenaren inguruko bertsioa:

"Olentzero buru handia

Entendimentuz jantzia

Bart arratsean

Edan omen du

Hamar arrobako zahagia!

Ai urde tripa handia,

tragatu bait du,

tragatu bait du,

Ai urde tripa handia,

tragatu baitu zahagia".

Goizuetan kantatzen dute:

"Olentzero,

buru haundia,

entendimiento gabia,

bart arratsian

edan omen du

bost arruako zahagia.

Ay urde tripa haundia!

Horra, horra, gure Olentzero

pipa artzen duela

exerita dago

kapoiak ere baitu

arrautzatxuakin

bihar berendatzeko

zahato arduakin

Jaio da, jaio da

Jaungoikuaren semia,

jaio da, jaio da

gure pozgarria.

Belengo portalian

gabaren erdian,

jaio da gure Jesus

estalpe batian

Jaio da, Jaio da"

asteazkena, 2008(e)ko urtarrilaren 2a

Orokorrak kategorian
, , , , , , , , .

 
Hosting por dinahosting

 

Olentzerozaleen Elkartearen web gune ofiziala
olentzero.net@gmail.com
2006ko, 2007ko bertsio ikustea · RSS · intranet
Logo Udalbilde-Udalbiltza
Babeslea Udalbiltza Udalbide
Olentzeroren Lagunak Elkarteak Udalbiderekin hitzarmenak sinatu ditu 2005, 2006, 2007, 2008 eta 2011an.
Esker Kepa Gallego · Design Lekunberri.com
© 2007-2019.