Logotipo Olentzero

Ixila eta pentsakorra
potolo eta gainera nola!
Gabonero beti ondoan
hara hemen Olentzero hona!

Cookie-ei esker eskaintzen ditugu gure zerbitzuak. Gure zerbitzuak erabiliz gero, cookie-ei ematen diegun erabilera onartzen duzu. Hemen kontsulta dezakezu gure cookieak politika. OK

Aurkezpenak

Anagrama Asociación Amigos del Olentzero (Pamplona-Iruña) (#12). 2000/01/01

Olentzeroak

Ilusiotik kontatu nahi dizuegu nola eratu zen ideia hau, web honekin gure lurrean gauzatzen ari dena. Lesakako Udalak 2005ean gure pertsonaia kutunaren inguruan egin zituen jardunaldien ondoren

Horren geurea dugun osagai mitologikoaren inguruan lan egiten dugun taldeen artean antolaketa orokorragoa sortzeko ahaleginak eta ideiak bateratzeko kezka sortu zen, esperientziak elkarrekin trukatzeko eta gure Olentzeroren inguruan izan diren eta diren ospakizun anitzei buruzko informazioa jasotzeko.

Hortaz, hilabete batzuk geroago, berriro ere Lesakan bildu ginen, gure txoko hauetan ohi den bezala babarrun gorriak sakramentu guztiekin jateko aitzakiaz eta Lesaka, Oiartzun, Baiona eta Iruñeko Olentzeroen antolaketa lanetan parte hartzen genuen lagun batzuek gure gogoeta egin genuen.

Bilkura honetan erakunde berri honek planteatu beharreko helburuak zehazten saiatu ginen. Mahai honen gainean berehala paratu zen erronka izan zen festa honek guretzat zuen asmoa zehaztea. Pertsonaia hau hartzen ari den bidea berbideratzea, interneten, googlearen bitartez bilatu nahi baduzu Papa Noelen euskal bertsio gisa agertzen baita. Umeentzat bakarrik, opariei lotuta, izan arte izan duen bilakaerak, gure ustez, gure ikazkinaren izaeraren alderdi garrantzitsua desagerrarazi du. Horregatik pentsatu genuen kultura orok izaten duen bilakaera ezkorra izan gabe, aberasgarriagoa izaten dela ahal den neurrian bere ikusmolde zabalaren barruan mantentzen bada

Denon artean, zurekin ere animatzen bazara, gure ekarpena egin nahi dugu jendeak jakin dezan Olentzero, Olentzaro, Onenaro edo Olentzero enborra pertsonaia maitagarria zela, edo umeak jaten zituen eta ahotik sua botatzen zuen begi gorriduna zela, edo jentilen aroaren bukaera eta Kristoren jaiotza iragarri zuena zela, edo mozkortia zela, gazteek neguko solstizioko bazkaria egiteko jakiak eske ibiltzeko aitzakia gisa erabiltzen zutena. Ikaragarria, edo nahiko tuntuna, ikusiko dugu ikazkinak Mari Domingirekin zeerikustekorik daukan ala ez, ona izan bazara edo bihurria, hobeki, opariak ekarriko dizkizun ala ez. Panpina edo gizona den. Hori bai, beti misterioa, ikara eta poza izan dadila.

Bestalde, baloratu zen neguko solstizioarekin lotuta dagoen pertsonaiari ematen ari zaion izaera erreibindikatiboa. Honek aldatzen baitu protagonista hau ulertzeko modua, zalantzan paratzen baitu festako izaera eta irudikapen honetatik gizartearen zati bat bazter uzten baitu. Horregatik gure elkarteetan uste genuen gure lana izan behar zela festa hau lurralde honetako bazter guztietara eta jende guztiarengana eramatea, ahal izanez gero bere mamitik eta izan duen bilakaeratik.

Lehen harreman honetan hainbat gauza atera ziren: argazki artxibo interesgarria, lankidetza Baionako Olentzerorekin, elkarte guztiek Iruñeko Olentzeroren 50. urtemugan haren inguruan egin ziren hitzaldietan parte hartzea eta hazten eta lanean segitzeko asmoa.

Aurten Bera eta Baztan sartu dira proiektuan. Egin dugun lehendabizikoa gure pertsonaiari eta bere festari buruzko aldizkari monografiko hau ateratzea. Gure hiru hizkuntzetan egina, aipaturiko toki guztietan banatzen da. Halaber, bidean da web orri bat. Bertan gure ospakizunetako irudiak, programak, artikuluak eta foroak izanen dira ikusgai. Mitologia, istorio eta kantuen bilduma egiteko asmoa dugu, gure kulturaren ondare inmateriala dokumentatzen laguntzeko.

Gurea den festa berezia eta politaren historia idazten segitzeko ari gara lanean, gozatzen dugun bitartean. Herrietan aspaldikoa, maitagarria eta familiakoa den festa. Hirietan, ordea, populazio gune hauek handitzeko jatorria herrietan zuten jendeez hornitu ziren eta orain hango zaporearen adierazpen bilakatzen da. Urte oro Olentzerorekin batera ardiak, idiak, astoak eta behiak ibiltzen dira jende andanaren artean, oroitzapenak zuri-beltzetan zireneko argazkietan harrapaturik gelditzen diren jendetzak bezala jantzitako jendearen artean. Une honetan aitonek bilobei azaltzen diete karrikan barna pasatzen dena hiriburura etortzeko kitatu zuten bizimoduaren oroitzapenak direla eta ederki frogatzen dute bizimodu hura gogoan dutela, menperatzen dutela.

Beno, dagoeneko saiatu naiz zuei transmititzen gure ikazkin txiki eta umila oraindik ere handiago egitearen alde lan eginen duen antolaketa baten hastapena zertan den. Urtero bisitatzen gaitu, gauak eguna kikildu eta txikiagotzen duenean. Baina bere bisitari esker, eguzkiak adorea hartuko du bere tokia berreskuratzeko, iluntasunari aurre egiteko eta horrela, egiten duen hotza dela-eta gezurra badirudi ere, hurrengo udaberria emankor izan dadin hasteko

larunbata, 2007(e)ko abenduaren 15a

Aurkezpenak kategorian
, , , , , , , , , .

 
Hosting por dinahosting

 

Olentzerozaleen Elkartearen web gune ofiziala
olentzero.net@gmail.com
2006ko, 2007ko bertsio ikustea · RSS · intranet
Logo Udalbilde-Udalbiltza
Babeslea Udalbiltza Udalbide
Olentzeroren Lagunak Elkarteak Udalbiderekin hitzarmenak sinatu ditu 2005, 2006, 2007, 2008 eta 2011an.
Esker Kepa Gallego · Design Lekunberri.com
© 2007-2019.