Logotipo Olentzero

Ixila eta pentsakorra
potolo eta gainera nola!
Gabonero beti ondoan
hara hemen Olentzero hona!

Cookie-ei esker eskaintzen ditugu gure zerbitzuak. Gure zerbitzuak erabiliz gero, cookie-ei ematen diegun erabilera onartzen duzu. Hemen kontsulta dezakezu gure cookieak politika. OK

Orokorrak

Oiartzun (#26)

Olentzero Oiartzunen

Olentzero pertsonaia baldarra da, lanbidez ikazkina eta horregatik ageri zaigu aurpegia beltzatua. Ezpainetan pipa bat darama eta sagar-otarre baten gainean egoten da jarrita.

Baina, zein da Olentzeroren jatorria? Nor zen Olentzero?

Egia esan ez dakigu zuzen noiztik iritsi den ohitura hau baina hona hemen Olentzeroren jatorriari buruzko hipotesi bat.

Antzinateko herri jentileentzat ekaina eta abendua hilabete sakratuak ziren, haietan urteko egunik luzeena eta laburrena, hurrenez hurren, gertatzen baitziren.

Abenduaren 21 aldean oleria izeneko festak ospatzen ziren eta bertan jendea karrika eta plazetan barna ibiltzen zen kantari eta oihuka (oleska). Horregatik festa aldiari olesaro deitzen zaio (oles hitzak kantatu eta oihukatu esan nahi baitu).

Olesaro barruan, festarik garrantzitsuena "Eguberri" (eguzki berri) zen. Festa honetako pertsonaia bat Olentzero zen (oles, ero), erotzat hartzen zutena. Pertsonaia hau panpina zein pertsona izan zitekeen.

Kristautasuna Euskal Herrira beste herri batzuetara baino beranduago iritsi zen eta honek bide eman zuen jentilen hainbat ohiturak herriarengan askoz gehiago irauteko. Erlijio berriak, zentzu onarekin, jentilen aurreko ohitura tradizionalak errespetatu zituen, haietan sinbologia kristau berria ezarriz, jakina.

Horrela, ekaineko suak, jatorri jentila garbia dutenak, lurra emankor bihurtzeko, San Juanen ohorez jarri ziren; ohiturak bizirik zirauen baina esanahi erabat ezberdinarekin.

Olentzerorekin antzekoa gertatu zen. Kristauek abenduaren 25ean Jainkoaren jaiotza ospatzen zutenez, haientzat urte bukaerako egunek izaera erlijiosoa hartzen zuten, euskaldun jentilentzat, arrazoi jentilak zirela-eta, hile horretako 21ak zeukanaren antzekoa, urteko egunik laburrena baitzen. Euskaldunak kristau bihurtzearekin, haiekin batera Olentzero ere kristautu zuten. Modu honetan, oleria festen ikurra Kristoren jaiotzaren berri-emaile herritarra izatera pasatu zen. Eta hori da, hain zuzen, gure gaurko Olentzero.

Guregana iritsi den Olentzero ez da, dagoeneko, antzinako pertsonaia jentila, eroa, sinbologia kristauaren pertsonaia baizik. Hori haren esanahiari dagokionez.

Bestalde, pertsonaiaren jantziak denboran zehar aldatuz joan dira, moden arabera. Horrela, antzina kapusai batekin (beroki txanodunaren antzekoa) irudikatzen zen. Berrehunen bat urtez geroztik, ordea, txapela jantzita iristen da. Tabakoa Ameriketatik etorri zela kontuan hartuta, pentsatzekoa da pipa ez dela oso antzinakoa izanen, eta gauza bera gertatzen da beste hainbat xehetasunekin.

Ikusten den bezala, Olentzero, kristautasuna baino lehenagoko pertsonaia izanik ere, mendetan zehar herriak eraberritu du, garai bakoitzeko modara egokituz eta horrela ohitura zahar bati etengabeko bizi berria emanez.

OLENTZEROREN OSPAKIZUNA

ETXEAN.- Oiartzunen, gabon-gaua baino egun batzuk lehenago, etxeko andreak enbor lodia eta tamaina handikoa hautatzen du eta horrek elikatuko du sua non Olentzeroren eguneko arratsaldean apailatuko diren jakiak, beranduago afarian janen direnak. Enborrari Olentzero enborra deitzen zaio.

Eguna iritsita, bazkaldutakoan, enborra sura hurbildu eta Olentzero afaria prestatzen hasten dira. Azpimarratu behar da suak handia behar duela.

Afarian gehienbat zerbitzatzen diren platerak hauexek dira: zurruputuna (bijilia zopa bakailao izpiekin), azaolioa (azak oliotan), bisigua parrillan erreta, barraskiloak saltsan eta gaztaina erreak. Sagardoa edaten da. Horrela agertzen da tradizio hau bildua Eusko Folklore elkarteko 1922. urteari dagokion urtekarian, On Manuel Lekuona oiartzuar ospetsuak idatzita.

Beste garaietan, enbor erdi errearen hondarrak baserriko atarian jartzen ziren azienda haren gainetik pasa zedin eta hainbat gaitzetatik babestua izan zedin.

ETXETIK KANPO.- Egunean zehar umeen taldeak etxez etxe eskean ibiltzen dira, Olentzero, aulki baten gainean eseritako eta zapiez edo lastoz egindako txingotea bizkarrean daramatela. Andak erramuek apaintzen dituzte, pertsonaiari errezelaren antzekoa osatuz. Batzuetan panpinaren ordez umeetako bat Olentzeroz mozorrotua joaten da.

Segizioa, eskuarki, anda eramaileek, poltsadunak eta koplariak osatzen dute.

Gauez, mutilak joaten dira eskean eta umeek egiten dutenaren antzera txingotea edo hezur-haragizko Olentzero eramaten dute, aurpegi beltzatua, pipa ezpainetan eta kandela eskuan.

Erantsi dugun argazkia 1969an atera zen, Oiartzunen (Gurutze auzoa).

Oiartzunen, 2007ko azaroaren 12an.

Joxe Mari Mitxelena

ostirala, 2007(e)ko abenduaren 21a

Orokorrak kategorian
, , , , , , , , , .

 
Hosting por dinahosting

 

Olentzerozaleen Elkartearen web gune ofiziala
olentzero.net@gmail.com
2006ko, 2007ko bertsio ikustea · RSS · intranet
Logo Udalbilde-Udalbiltza
Babeslea Udalbiltza Udalbide
Olentzeroren Lagunak Elkarteak Udalbiderekin hitzarmenak sinatu ditu 2005, 2006, 2007, 2008 eta 2011an.
Esker Kepa Gallego · Design Lekunberri.com
© 2007-2017.