Logotipo Olentzero

Ixila eta pentsakorra
potolo eta gainera nola!
Gabonero beti ondoan
hara hemen Olentzero hona!

Cookie-ei esker eskaintzen ditugu gure zerbitzuak. Gure zerbitzuak erabiliz gero, cookie-ei ematen diegun erabilera onartzen duzu. Hemen kontsulta dezakezu gure cookieak politika. OK

Orokorrak

Olentzero Lesaka (#41). 2005/12/24. Argazkia: R. Eneterreaga.

Olentzero Lehiaketa Lesakan

Lesakan, aita Barandiaranen aburuz, Olentzero aspaldiko ohitura da, zeren, dioenez, "MENDEZ MENDE", hau da, mendetan zehar, OLENTZERO BURU HAUNDIA ENTENDIMENTUZ JANTZIYA kanta abestu izan da GABIAren ordez, gainerako herrietan abesten zen bezala, eta gauza bera dio Julio Caro Barojak osaba Pío Barojari entzunda.

Orain dela urte gutxi arte, ESKE ibiltzen zen karriketan barna Olentzerorekin, koadrilen zeregin nagusia dirua bildu eta bukaeran banatzea izanik.

Gauza bera egiten zen Ostegun Gizenaren egunean, Saindu Guztien egunean, azaroaren 1ean, Berentxi-Berentxiarekin, edo San Nikolas Kolonerorekin.

1940ko urteetan, txikiagotu zen Olentzerorekin ibiltzen zen koadrila kopurua, beharbada, alde batetik, 1932. urtean Martín Elizalde alkateak eman zuen aginduagatik, Olentzero bakoitzeko koadrila bakoitzean 4 lagunetik 6ra pasatzekoa, eta, hortaz, lehenago 12 lagunek 3 koadrila egiten ahal bazuten, orduan 2 egiten zuten eta 4rentzat biltzen zuten ia diru kopuru bera biltzen zuten 6rentzat.

Zalantzarik gabe gerraondoak eta familiek diru emateko zuten posibilitate txikiagoak ere eragin zuten.

Edonola ere, Olentzero Lesakan behera zihoala ikusita, Emilio José Esparza Viela lesakarrak, oso maite zuen Olentzero kontuan aditua eta "Noticia curiosa sobre Olentzero en la Navidad de Lesaka" (Lesakako Eguberrietako Olentzerori buruzko berri bitxia) -1950. urtean Iruñeko Editorial Gómez argitaletxeak 40 errealetan kaleratutakoaren egile zenak, (La Cofradía del Pimiento Seco elkarteko lagunek kofradia horrek argitaratu zituen 13etarik laugarren koadernoa izan zen faksimilea egin baitzuten, Aranzadik 1972ko otsailaren 24an editaturikoa) 1945. urtean Olentzero lehiaketa bat antolatu zuen, zeinetara Eguberrietako bere aparteko ordainsariaren zenbatekoa bideratu baitzuen, koadrilak parte hartzera animatzeko eragingarri izan zedin.

Behealdean, 1945eko lehiaketa horretara aurkeztu ziren koadriletako baten Olentzeroren argazkia, Eskol Ttikian.

Horrela segitu zuen, Eguberrietako bere aparteko ordainsaria Olentzero lehiaketan erabiltzen, 1949. urtera arte.

1950ean antolatu zuen Acción Católicako gazteriak, Beti-Gazteko Kirol Alorrak, lehiaketa Udalaren 200 pezetako laguntzarekin.

1960. urtera arte, gutxi gorabehera, Eskol Ttikiko zubian egiten zen lehiaketa, trafikoa, jakina, orain baino txikiagoa zela edo batere ez zegoela.

Behealdean, Nabaz auzoko koadrilaren argazkia, 1950eko lehiaketan irabazi zuen Olentzerorekin, Eskol Ttikian.

1958. urtean Lesakako Udalak 2.000 pezeta eman zituen Olentzero lehiaketarako eta Erregeen Kabalgatarako.

Gaiaz aldatu eta aurten Olentzero berezi bat egin dela esanen dugu, plazara maiatzaren 5ean atera zena, Lesakako Musika Bandaren fundazioaren 150. urteurrenaren ospakizuna zela eta.

Festa eder-ederra izan zen non Lesakako talde ia guztiak aritu ziren: Inauteriak, Zaku Zahar, Ezpata-dantzariak, Olentzero, Lesakako Abesbatza, Tantirumatiru Dantza Taldea, Txistulariak, Akordeoilariak, Goitarrak, Fraindarrak, Erraldoiak, e.a.

Balio beza ohar honek historiarako, ezen maiatz betean egin eta ibili zen Olentzero bat Lesakan.

Helduen taldeentzat, urtetan egiten ohituta, nahiz eta egitea erraza ez dela onartu behar, besteentzat bezain zaila edo zailagoa zaie irudikatzeko "irudikagai berri" bat aurkitzea, orain arte urtero berberak ezberdinak izaten baitira eta irudimena ederki astindu behar dute.

Egia esan, urtero irudikagaiak ezberdinak izaten dira.

Urteak dira Olentzero lehiaketa Udalak antolatzen duela eta Plaza Zaharrean egiten da.

Lehiakideak 3 kategoriatan biltzen dira:

- 10 urte arteko koadrilak

- 11 urtetik 15era bitartekoak

- 16 urtetik gorakoak

Eguerdiko 12etan egiten da lehiaketa, toki berean Jaiotza lehiaketa egin eta gero.

Azken urteotan lehiaketara aurkezten den Olentzero kopurua 15 eta 19 artean dago, kategoria guztiak barne.

Epaimahaia, eskuarki, Udaleko Kultur zinegotziak eta Lesakako musika elkarteetako -Musika Banda, Lesakako Abesbatza, Akordeoi Banda, Trikitixak, Txistulariak, e.a.- hainbat kidek osatzen dute.

Taldeak zein bere Olentzerorekin, eramaileen bizkarrean, epaimahaiaren aurrean jartzen dira bina kanta egiteko.

"OLENTZERO BURU AUNDIA" da derrigorrezko kanta eta bestea talde bakoitzak aukeratzen duena.

Aurreko 2006an honela puntuatu zen:

- Olentzero: 10 puntu

- Kanta: 10 puntu

- Janzkera: 5 puntu

Hiru alorretan lorturiko puntuak batu eta puntu gehien duena garailea da.

Dudarik gabe, helduen taldeetako batek egin ohi ditu benetako ARTELANAK, baina txikiek ere Olentzero ederrak egiten dituzte.

Kategoria bakoitzeko sariak 2006. urtean hauek izan ziren:

Udalak ematen dituen sariez gain, orain dela urte anitz hasita OLENTZERORIK ONENArentzat Emilio José eta Javier Esparza sari berezia dago.

Eta Guillermo Agara, Emilio José eta Javierren arreba Conchita Esparzaren senarra eta Bandako eta Koruko zuzendari, txistulari eta baritono handia izandakoa, hil zenez geroztik, HOBEKIEN KANTATZEN DUEN TALDEARI ere sari berezi bat ematen zaio.

Kategoria bakoitzeko Olentzero irabazleak, hala nola jaiotza irabazlea, epaimahaiaren aurrera ateratzen dira eta kantatzen dute berriro.

Lehen sari absolutua irabazi duen Olentzeroak arratseko 7etan, herriko karriketan, Musika Bandak lagundurik, ibiltzeko pribilegioa du eta bildurikoa taldearentzat izaten da.

Behealdean, 2006. urteko lehiaketako Olentzero eta talde irabazlearen argazkia, Olentzero "azeriak harrapatzeko saiakeretan".

Ohartzen naiz abenduko 24a, 12etan, ez dela bizilekutik kanpoko lehiaketa honetara edo beste edozein gertakaritara joateko onena, baina, hala ere, bisita gaitzazuen gonbidatzen zaituztet guztiak.

Ez dut zalantzarik "Olentzeroz zerbait sentitzen duenak" gozatu eginen duela Olentzero lehiaketa-erakusketa honetan.

Bukatzeko, ez dut bazter utzi nahi joan den 2006. urtean hain zuzen, Lesakako lehiaketan, adiskide handi izan genuen, eta joan zitzaigun, Andoni Santamaría-Ilundain izan zela, zein nirekin plazako kioskoan izan baitzen, epaimahaiaren ondoan, ohar pila hartzen eta haren zehaztasunez interesa agertzen, eta ziurtasunez esan dezaket deigarri, beste gauza askoren artean, Olentzero askok eramateaz gainera ia talde guztietako kideek, handiek jakina, zeramaten "bizkarlarrua" (ardi larru ondua eta landua) gertatu zitzaiola eta non eros zitekeen galdetu zidan.

Helbidea eman nion, bai horixe, eta hark idatzi zuen, beharbada IRUÑEKO OLENTZERORI ETA AURTENGO ERAMAILEEI JANZTEKO ASMOZ?

Hor dago ideia... Iruñeko Olentzeroren lagunentzat. Andonirena litzateke?

EUTSI DIEZAIOGUN, DENON ARTEAN, ETA SAIA GAITEZEN OLENTZEROREN OHITURA ONA SUSTATZEN

ZORIONAK. EGUBERRI ETA URTE BERRI ON DENONTZAT.

Rafael Eneterreaga Irigoyen

asteazkena, 2007(e)ko abenduaren 26a

Orokorrak kategorian
, , , .

 
Hosting por dinahosting

 

Olentzerozaleen Elkartearen web gune ofiziala
olentzero.net@gmail.com
2006ko, 2007ko bertsio ikustea · RSS · intranet
Logo Udalbilde-Udalbiltza
Babeslea Udalbiltza Udalbide
Olentzeroren Lagunak Elkarteak Udalbiderekin hitzarmenak sinatu ditu 2005, 2006, 2007, 2008 eta 2011an.
Esker Kepa Gallego · Design Lekunberri.com
© 2007-2017.