Logotipo Olentzero

Ixila eta pentsakorra
potolo eta gainera nola!
Gabonero beti ondoan
hara hemen Olentzero hona!

Orokorrak

Pamplona / Iruña (#892). 2008/12/24. Argazkia: Daniel Fernandez.

Olentzero Eguberrietan mendietatik ez da jaisten

Dirudienez, beti ere iturri fidagarri hauen arabera, gure artean bizi da urte osoan zehar, brusa utzi eta jertsea janzten du udaberrian eta alkandora udan, bakero edo pintzazko prakak jartzen ditu, egoeraren arabera, eta txapela egongelako armairuaren eskuineko tiraderan gordeta uzten du.

Honek esan nahi du abarkak oinetako altzariaren azken tiraderan gelditzen direla azaroa heldu bitarte, eta Olentzero, gizabanako oro bezalatsu, zapatak edo zapatilak jarrita dabilela.

Ikatzarekin egingo du lan agian, baina zaila da hori baieztatzea, eta biziraupenerako baliabide bat baino, negurako denbora pasa bat dela uste dute aipatutako ikerketek.

Garbi dagoena zera da, 24aren gaua heltzen denean, Olentzerok brusa atera, mahoizko galtzak eta alkandora zuria armairutik atera, txapela eskuineko tiraderatik eta abarkak oinetako altzaritik, eta benetan denaz janzten da. Solstizio gaua aprobetxatuz, gabon gauekoa, Olentzeroz, guztion aurrean benetan den bezala agertzeko. Nahikoa dela 363 egunez mozorrotuta egotea. Eta, are garrantzitsuagoa dena, berdina egitera gonbidatzen gaitu, gau batez gure jatorri eta nortasunarekin arro agertzera.

Urtero etxera datorren urrutiko osaba hura bezalakoa da, batzutan opariak dakartzan, eta bestetan ez, eta ekartzen ez dituenean, ez du urrutiko osaba hura izateari uzten. Olentzerok opariak dakartza batzutan, eta beste batzutan ez, eta ez du oparirik behar Olentzero izateko.

Eta Olentzero janzten da, eta barre egiten du, eta kaletik paseatzen da haurren gozamenerako… eta helduenerako ere bai, gaua guztiontzako jaia baita, eta denek Olentzero bezala egin dezakete, diren bezala jantzi, sustraietaz arro agertu, gau batez baino ez bada ere. Eta seme-alaba, iloba edo bilobekin batera jaiaz, kantaz eta musikaz disfrutatu.

Baina Olentzerori, gau horretan urte guztiko arroparekin dabilen aitak, berak erabiltzen ez duen txapela semeari janztera behartzen ikustean tristura sartzen zaio. Edo aita horrek ere semea lehenengo lerrora bultzatzen duenean berak ezagutzen, eta ezta ulertzen ere ez dituen kantak abestera, egiten ez duenean haserretuz askotan, semeak aita imitatu baino ez duela nahi ulertu gabe. Ez da harritzen, horretarako baitago gure artean urte osoan zehar. Baina triste jartzen da.

Eta, senideak faltan dituztenen mina ulertzen badu ere, guztion jaia izan behar lukeena batzuk pentsatu eta sentitzen dutenaren aldarrikapena bihurtzen dela ikustean sufritu egiten du.

Olentzerok ez du “artzainaz” “mozorrotuta” “opariak dakartzan” gizona izan nahi. Guztion jaia izan nahi du Olentzerok, harrotasunez unerako janzten den jendearena, gazte eta helduek partekatutako gau magikoa, agian opariekin amaituko dena. Baina, horrela ez bada ere, urrutiko osaba hainbeste maite dugun osaba izango da.

asteartea, 2009(e)ko otsailaren 17a

Orokorrak kategorian
, , , , , , , .

 
Hosting por dinahosting

 

Olentzerozaleen Elkartearen web gune ofiziala
olentzero.net@gmail.com
2006ko, 2007ko bertsio ikustea · RSS · intranet
Logo Udalbilde-Udalbiltza
Babeslea Udalbiltza Udalbide
Olentzeroren Lagunak Elkarteak Udalbiderekin hitzarmenak sinatu ditu 2005, 2006, 2007, 2008 eta 2011an.
Esker Kepa Gallego · Design Lekunberri.com
© 2007-2019.